XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nekazaritzaren iraultza

Aurreko unitatean ikasi zenuenaren haritik, gizakiaren aztarnetatik informazioa lortzen saiatuko gara.

Aurreko orrialdeko irudiei begiratu arretaz eta erantzun galdera hauei.

1. Hor azaltzen diren aztarnak lehen mailako informazio iturriak ala bigarren mailako informazio iturriak dira?

2. Zein motatako informazio iturriak ote dira?

3. Indusketan aurkitutako irudi bakoitzak zer adierazi nahi duen identifikatu.

4. Informazio iturri hauen arabera, garai hartan zer lanbide zeudela esango zenuke?

5. Zertarako erabiliko zituzten zeramikazko ontziak?

6. Animali aztarnak ere agertzen dira. Hezitakoak baziren, zer lor ote zezaketen berorietatik?

7. Oihalak zer materialez egingo ote zituzten? Zertarako?

Nekazaritzaren sorrera

Neolito Aroa K.a. 7000. urtean hasi zen, gutxi gorabehera, Ekialde Hurbilean.

Garai honetan izozte aldiak bukatutzat jotzen dira eta eguraldia epeltzean paisaia ere aldatu egingo zen. Klima hotzeko animalia handiek (mamuta...) iparraldera jo zuten.

Oihanak ugaritzearekin batera landare berriak ere azaldu ziren. Garai honetako gizakia kobazuloetatik atera eta bere bizilekua ibaiertzetan kokatzen hasi zen. Ehizaz gain, arrantzan ere egiten zuen ibaiertzetan.

Fruitu eta landare bilketa garrantzi handiagoa hartzen joan zen, emakumeen lana zen bereziki.

Bildutako fruitu horietako batzuk (garia, garagarra...) ehotzen ere hasi ziren.

Horrela, irina lortzen zuten eta urarekin nahastuz talo antzekoak egiten ikasi zuten.

Lan hauetan zebiltzala ale ugari eroriko zitzaizkien lurrera eta hauetatik landare berriak sortzen zirela ohartuko ziren nonbait. Ondorioz, garia, garagarra... ereiten ikasi zuten.

Horrela, eguneroko janaria ziurtaturik zuten, leku batetik bestera bila ibili beharrik gabe. Ondorioz, beste behar eta premia batzuk sortu zitzaizkien: lurra lantzeko tresnak (aitzurra...) ehotzeko errotak, haziak gordetzeko ontziak....